Olatz Lasagabaster preso usurbildarra bere ziegan sartu eta 14 eguneko berrogeialdian jarri dute

Olatz-Patxi

Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak jakinarazi du Olatz Lasagabaster preso usurbildarra aurretik berari ezer abisatu gabe, bere ziegan sartu eta 14 eguneko berrogeialdian jarri dutela. Bere haurdunaldia dela-eta, maiatzaren 7an (osteguna), erietxera atera zuten analisi bat egitera eta espetxera bueltatzerakoan gertatu zen. Usurbilen Nahi Ditugu Elkartearen arabera, inor ez dagoenean, telefonoz deitzeko eta patioan tarte bat ibiltzeko ateratzen dute soilik. Hamar egun barru beste froga baterako hitzordu berri bat dauka erietxean eta litekeena da isolamendu egoera luzatzea.

Usurbilen Nahi Ditugu Elkartearen oharra

Olatz Lasagabaster berrogeialdian jarri dute

Koronabirusaren izurritearen ondorioz pairatzen ari garen egoera are eta nekosoagoa suertatzen ari da preso dauden pertsonentzat. Herritar gehienok behartutako itxialdiaren zailtasunak ezagutu ditugu zertxobait; hori bai, oztopoak oztopo, gure etxeetako erosotasunean eta senide eta lagunekin komunikatzeko aukera ugarirekin. Ba juxtu kontrakoa gertatzen zaie presoei, baita Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Aranjuezeko espetxean dauden gure herrikideei ere. Itxita egotea zer den ondotxo dakite ia 11 urte daramatelako giltzapean. Alta, pandemia honek beren egoera are eta gehiago garraztu du.

Bi hilabete pasatsu elkar ikusi eta hitz egin gabe igaro ostean, apirilaren erdialdera utzi zieten lehen aldiz bien artean komunikatzen 8 minutuko bideo dei baten bidez. Konfinamendua hasi zenetik ez dute bisitarik izan (Olatzek lehenagotik, martxoaren 7an bere modulua isolamenduan jarri baizuten funtzionario bat kutsatu zelako) eta, hortaz, ez dute seniderik ikusi, eta beren alaba Xua ere ez. Soilik behin ikusi dute urtarrilaren 20an gurasoengandik apartatu zutenetik. Telefono deien bitartez komunikatzen dira. Deskonfinamenduaren bidean lehen urratsak egiten hasi bagara ere, auskalo noiz izango duten bisitak egiteko aukera, euskal preso gehienak bezala Euskal Herritik urrunduta dituztenez, beren senideek ezin dutelako Aranjuezeraino joan eta oraindik orain bisitak etenda daudelako.

Ondorio afektibo eta psikologikoez gain, egunerokotasuneko gauza praktikotan ere badu eraginik egoera honek. Esaterako, Picassenteko espetxetik Aranjuezera lekualdatu zituztela hiru hilabete pasa dira baina oraindik ez dituzte beren gauzak (irratia, liburuak, TB, arropa…) jaso. Gauza nimiñoa badirudi ere, espetxe batean garrantzi handia dute, are eta gehiago Olatzen kasuan. Izan ere, haurdunaldia aurreratu samar dauka eta arropa handiagoaren premian dago.

Hain zuzen ere, bere haurdunaldia dela-eta, atzo, maiatzak 7, erietxera atera zuten analisi bat egitera. Itzuli zutelarik eta aurretik berari ezer abisatu gabe, bere ziegan sartu eta 14 eguneko berrogeialdian jarri dute. Inor ez dagoenean, telefonoz deitzeko eta patioan tarte bat ibiltzeko ateratzen dute soilik. Hamar egun barru beste froga baterako hitzordu berri bat dauka erietxean. Hortaz, seguru asko isolamendu egoera luzatuko diote.

Pandemia garai honetan badaezpadako neurri hori logikoa dela pentsa daiteke baina, egiaz, logikoa ez dena da Olatz eta Patxi (eta beste dozenaka euskal preso) espetxean mantentzea oraindik. Aspalditik dute baldintzapeko askatasuna izateko eskubidea eta lege arrunta aplikatuz gero, beren etxean beharko lukete eta ez kartzela barruko baldintza kaskarretan kutsatzeko arrisku gorrian. Horregatik exijitzen du, besteak beste, beren osasun eskubidea errespetatzea eta Olatz eta Patxi eta gainerako euskal preso politikoak lehenbailehen etxeratzea. Etxean eta bizirik nahi ditugulako.

Urtebetetzea

c84383b4c7bda4dd6a83256fbbec3818

Maiatzaren 24an (igandea), Olatzek 41 urte beteko ditu. Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak herritarrak animatzen dituzte gutun edo postaltxo baten bidez zoriontzera: “Egoera hau dela medio, ez dakigu noiz berrartu ahal izango ditugun ohiko elgarretaratzeak. Horregatik, animatzen ditugu herritarrak gutun edo postaltxo baten bidez zoriontzera. Seguru gure hitzak eta elkartasuna lagungarri izango zaizkiola, baita Patxiri ere”.

Helbideak:

  • OLATZ LASAGABASTER ANZA Centro Penitenciario MADRID VI – Módulo F2 Carretera N-400, km. 28 28.300 Aranjuez (Madrid).
  • PATXI URANGA SALBIDE Centro Penitenciario MADRID VI – Módulo 1 Carretera N-400, km. 28 28.300 Aranjuez (Madrid).

IDATZIPRESOEI

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.