Usurbilgo EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk gutun bateratua bidali diote Aranjuezko espetxe zuzendariari

Usurbilgo EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk gutun bateratua bidali diote Aranjuezko espetxe zuzendariari, espetxe horretan Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herriko presoak baitaude. Duela bi urtetik baldintzapean aske behar zuten arren, oraindik Aranjuezko espetxean jarraitzen dute biek. Uztailean euren bigarren alaba Maddi jaio zen eta bertan dago amarekin. Xua, lehen alaba berriz, 3 urte egin zituenean gurasoengandik banandu zuten. Mari Karmen amonarekin Usurbilera etorri zen, guraso eta ahizparengandik urrunduta. Gutuna Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, EAJ-ren bozeramaile Josune Urkolak eta PSE-ren bozeramaile Patxi Suarezek sinatutzen dute.

Bi eskaera

Sinatzaileek bi eskaera proposatzen dizkiote Aranjuezeko espetxeko zuzendariari.

  • Senideen arteko harremanak mantendu eta garatzea bermatzeko, ahal bezain gertukoena den familia komunikazioa erraztea aztertzea, espetxe barruan dauden gurasoei eta bere alaba txiki Maddiri dagokionean, baita Xuari dagokionean ere, eta hortaz, baita senide hurbilekoei (aiton-amonak) dagokienean ere.
  • Patxi, Olatz eta Maddiren kasuan espetxean dauden elkarbizitza moduluan biltzeko aukera aztertzea eta Xuaren kasuan, elkarbizitza “bis a bis” bisitak edo bideokonferentzia bidezko deiak onartzea.

Familiaren esanetan, Xua Usurbilen dagoenetik, behin baino ez dute elkar ikusi,  otsailaren 27an hain zuzen ere. Are gehigo,  Covid19 dela eta, komunikazio intimoak, familiarrak zein bizikidetzazkoak bertan behera utzi dizkiete espetxean. Lokutorio bidezko komunikazioa baino ez dute baimentzen, eta beraz, gutuna sinatu duten ordezkari politikoek, horrek duela gutxira arte amarekin bizi izan den hiru urteko haur batengan sor dezakeen frustrazioa kontuan izanda, komunikazio ahalik eta gertukoena bermatzea eskatu diote Aranjuezeko espetxeko zuzendariari, gurasoak, alabak eta aiton-amonak kontuan hartuta.

Gutuna

Aranjuezko espetxeko zuzendari jauna

Beheko sinatzaileok, Usurbilgo Udaleko zinegotziak, zuregana zuzentzen gara, zuk zuzenduriko espetxean diren Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak osaturiko bikotearen zirkunstantziengatik, eta hilabete gutxi izan eta espetxe berean amarekin den haien alaba Maddirengatik.

Jakitun izango zarela suposatzen dugu, iragan urtarrilean bien alaba helduenak (Xuak) espetxea utzi zuela hiru urte bete ostean. Ordutik, behin bakarrik ikusi ahal izan ditu bere aita eta bere ama (otsailaren 27an, familiak aipatu duenez). Covid19-aren pandemiak eragindako konfinamenduaren ondorioz hilabeteetan eten ziren komunikazioak, baina berrartu zirenean, ez dute elkarbizitza bisita bakar bat ere izatea lortu. Uneotan, berriz etenda daude. Lokutorio bidezko bisiten aukera Xuaren kasuan kaltegarria litzateke, gurasoekin hartueman fisikorik eduki ahal izan ezina guztiz ulertezina izango litzatekeelako, eta frustagarria, duela hilabete gutxira arte uneoro amarekin elkarbizi izan den hiru urteko haur batentzat.

Ulertzen dugu pandemiak eragindako egoera kudeatzeko zailtasuna, zurea bezalako espetxe batean. Halere, senideen arteko harremanak mantendu eta garatzea bermatzeko, ahal bezain gertukoena den familia komunikazioa erraztea aztertzea eskatzen dizugu, espetxe barruan dauden gurasoei eta bere alaba txiki Maddiri dagokionean, baita Xuari dagokionean ere, eta hortaz, baita senide hurbilekoei (aiton-amonak) dagokienean ere.

Hala, Patxi, Olatz eta Maddiren kasuan uste dugu zure espetxean duzuen elkarbizitza moduluan biltzeko aukera legokeela adibidez eta Xuaren kasuan, elkarbizitza “bis a bis” bisitak edo bideokonferentzia bidezko deiak onartuta.

Zuk jakin dezazun, haien senideak gure udalerrian guztiz finkatuak dituzten gure herrikideek bizi duten egoerak herritar gehienen artean kezka eragiten duela. Egoera honekiko sarritan haien kezka eta ulertezintasuna helarazi izan diete haien ordezkari instituzionalei. Are gehiago, egoera hau aspaldi konpondua egon zitekeela eta egon behar zuela irizten diote, bi presoak espetxealdi amaieran baitaude eta ohiko bide legaletik eta eskatutako baldintzekin, komunitatean birgizarteratu daitezke. Horrek gauza hauei guztiei eta sufrimendu gehigarriei amaiera emango lieke, batez ere egungoa bezalako osasun testuinguruan.

Horregatik, Usurbilgo Udaleko kide instituzional guztiok egingarritzat jotzen ditugun gure kezkak eta eskaerak kontuan hartzea eskatzen dizugu eta ahal bada aztertzea. Aldekoa izatea espero dugun zure erantzunaren zain geratzen gara. 

Adeitasunez, 

Agurtzane Solaberrieta Mesa
Usurbilgo alkatea

Josune Urkola
EAJ-ren bozeramailea Usurbilgo Udalean

Patxi Suarez
PSE-ren bozeramailea Usurbilgo Udalean

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.