Usurbilgo Sarek “Izan Bidea” ekimenaren baitan urriaren 3an Andatzara igotzeko deia egin du

Urriaren 3rako (larunbata) Sare mugimenduak “Izan Bidea” ekimenaren baitan Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko deia egin du, euskal presoen egoera konpontzea exijitzeko. Usurbilgo Sarek ere deialdia egin du, Andatzara igotzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei.

Izan Bidea ekimena

Sarek abian jarri duen dinamika berria da hau; euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz: “Dinamika hau erronka batean oinarritzen da; 3.127.326 Km egitea! Euskal Herriak duen biztanle-kopurua. Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea. Horretarako, taldean, lagunartean, familian edota bakarka kilometroak egin edota urratsak ematera animatu nahi zaitugu, dinamika honi ekarpena eginez”.

Urriaren 3an Andatzara

Usurbilen Andatza gainera igotzeko hitzordua finkatu da urriaren 3rako (larunbata).

  • 9:00etan frontoitik finkatu da abiatzeko hitzordua. Deialdia irekia da eta beraz, edonork parte hartu dezake.
  • Bere kasa joan nahi duenak badu bigarren hitzordu bat, Andatza gainean 11:00etan. Ordu horren bueltan bilduko dira parte hartzaileak; besteak beste, banderola bat jarri eta “Ikusi mendizaleak” abesti ezaguna kantatuko da.

“Ikusi mendizaleak…” abestia

Abestiaren letra eskura izateko deia egin dute deitzaileek. Behin Andatza gainean, beste tontorretan daudenak agurtzen saiatuko dira, inguruko mendietara ere igoko baitira hainbat herritar: Belkoainera, Buruntzara, Adarrara, Onyira, Mendizorrotzera.

Iparraldeko tontor bat igotzera joateko taldetxo bat

Sareren 650tontor.sare.eus web orrialdean eman daiteke izena; sartu web orrian eta igo nahi duzun mendi tontorra hautatu. Usurbildarren kasuan Andatza, edota baita Ipar Euskal Herriko mendi gaineren bat ere: “650 mendi horiek Euskal Herri osoan zehar banatuak daude. Herri batzuei bi tontor eta hiru ere egokitu zaizkie. Badira beste tontor batzuk Iparraldean, eta herrika eskainiko dira. Usurbilen 5 laguneko taldetxo bat animatzen bada Iparraldeko tontor bat igotzera, usurbildarron izenean egingo luke. Erronka usurbildar mendizaleei helarazten diegu, ia baten bat animatzen den. Taldetxo bat animatuko balitz, sareusurbil@gmail.com helbidera idatzi edo ostiral honetako mobilizazioan kamisetak saltzeko jarriko duten postura hurbildu”.

Izan bidea aplikazioa

Ezagutu Sareren Izan Bidea dinamikaren aplikazioa, IOS eta ANDROID sistemetarako prest dago, deskargatu esteka honetan eta parte hartu ekimen ibiltari honetan.

Deialdiak

Urriak 3, larunbata

  • 09:00 Sarek antolaturiko mendi martxa Andatzara, frontoitik abiatuta.
  • 11:00 Andatza tontorrean bilkura; banderola jarri, “Ikusi mendizaleak” abestia kantatu, inguruko mendietako parte hartzaileak agurtu…
  • Izen ematea: 650tontor.sare.eus

Urriak 24, larunbata

  • 17:00 Manifestazioa Donostian Antiguako tuneletik salbuespen legediaren aurka, konponbidearen alde. “Resolution” hitzarekin mosaiko erraldoia Kontxako hondartzan.

Urriak 30, ostirala

  • 20:00 Usurbilen Nahi Dituguk deituta, presoak etxeratzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Sare

Euskal presoek eta haien senideek oso une zailak bizitzen jarraitzen dute; izan ere, joan den udaberriko osasun-larrialdiak eragindako inkomunikazioan izandako beldurrari, ziurgabetasunari eta hutsuneari, orain, hainbat espetxetan komunikazioak etetea gehitu zaie, Covidaren positiboak espetxe barruan daudelako.

Egoera aldatzen ari den arren, gaur egun vis a vis komunikazioak etenda daude Espainiar Estatuko hogeita hamar bat espetxetan.

Beste behin ere, urratutako oinarrizko eskubideei buruz ari gara. Urruntze-politikari eusteak eta euskal presoei salbuespenezko erregimena aplikatzeak etengabeko urraketa eragiten dute eta gainera COVID19-aren pandemiak presoen eta haien senideen egoera hori larriagotu egin du.

Vis a vis familiarrak pertsona batera edo bira mugatzean, bi edo hiru seme-alaba txiki dituzten familietako haur guztiek ezin dituzte ikusi haien guraso presoak. Sei hilabete baino gehiago daramate haur hauek haien aita edo ama, edo biak, bisitatu gabe. Espetxeetako arduradunek adingabearen alde egin beharko lukete eta ez lukete ahaztu behar familia-lotura sendotzearen garrantzia.

Oraindik vis a visak egiten uzten duten espetxe batzuetan ez dira egiten asteburuetan, astegunetan baizik, eta, beraz, asaldura larria eragiten die astez bisita bat egin ahal izateko lanegunak galdu behar dituzten senideei.

SARE eta ETXERAT-ek egoera hori salatu eta urruntze politikarekin eta horrelako egoerek dakartzaten eskubideen urraketekin amaitzeko eskatu nahi dute. Joan den astean Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresu eta Senatuan espetxe-politika aldatzeko egindako adierazpenak positibotzat hartzen ditugu. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu sindikatuei salbuespen espetxe-politikarekin amaitzeko hartutako konpromisoagatik, joan den ostiralean Bilbon adierazi zuten bezala.

Uste dugu erakunde, politika eta gizarte konpromisoaren bidea egin beharko dela, baita mobilizazioarena ere. Euskal gizarteari bakearen eta bizikidetzaren bidean parte hartzen jarraitzeko eskatzen diogu eta datorren ostiralean Euskal Herri osoan egingo diren Azken Ostiraleko mobilizazioetan, datorren urriaren 3ko #650tontor ekimenean eta beste ekimen batzuetan parte hartzeko deia egiten diogu.

Usurbilen Nagi Ditugu

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak Sarek deitutda hitzorduarekin bat egin du: “Euskal gizartea aktiboki parte hartzera animatzen dugu antolatzen diren mobilizazioetan, datorren astean Sarek antolatuko dituen mendi martxetan esaterako. Horrelako ekimenak oso garrantzitsuak dira gure senideak inoiz baino isolatuagoak daudenean”.

Informazio gehiago

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.