Urriaren 8an “Guk Zubietan zer” parte-hartze prozesua aurkeztuko dute Usurbilgo eta Donostiako udalek, Zubietako Herri Batzarrak eta EHUk

Urriaren 8an “Guk Zubietan zer” parte-hartze prozesua aurkeztuko dute Usurbilgo eta Donostiako udalek, Zubietako Herri Batzarrak eta EHUk. Zubietarrek etorkizuneko Zubieta marrazteko aukera izango dut. Prozesu honetan aterako den emaitza, Usurbilgo Udalak 2021. urtean hasieraz onartu nahi duen eta datozen 10-15 urteko udalerria zehaztuko duen Usurbilgo Hiri Antolamendurako Planean (HAPO) txertatuko dute. Prozesuaren aurkezpena urriaren 8an (osteguna) egingo da, 18:30ean, Zubietako frontoian. Aurkezpena irekia den arren, beharrezkoa da izena ematea, edukiera kontuengatik, hirigintza@usurbil.eus helbidean.

Usurbilgo Udala: “Datorren urtean onartu nahi da HAPOa hasieraz: hurrengo 10-15 urterako Usurbil marraztuko du. Herriko hainbat tokitan, tokian-tokiko herritarrekin halako parte-hartze prozesuak egin izan ditu udalak. Horren adibide da, esaterako, aurreko legegintzaldian Aginagan egindakoa. Interes orokorra oinarri, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko.

Aginagan egin bezala, Zubietaren kasuan ere, nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune berezitu bat sortzea erabaki dute, etorkizun hurbila zubietarrek eurek irudika dezaten. Usurbilgo Udalak, beste ezer baino lehen, Zubietako Herri Batzarrari aurkeztu zion bere asmoa, eta prozesuaren nondik norakoak elkarrekin landu zituzten. Halaber, Donostiako Udalari ere aurkeztu diete egitasmoa: haiek HAPOa berridazteko fasean ez badaude ere, Usurbilgo Udalak abiatuko duen prozesuan interesa adierazi eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute. Zubietaren berezitasunak kontuan hartuta, garrantzitsua da Donostiaren inplikazioa izatea, eta, horren erakusgarri, prozesuaren aurkezpenean izango da.

Guk Zubietan Zer parte-hartze prozesuan EHU izango da gidari. Zeregin hori erakunde objektibo batek garatzea garrantzitsua da udalarentzat. Hala, EHUko arkitektura fakultateko ikertzaile talde batek diseinatu eta gidatuko du, eta urri eta azaro bitartean burutuko da prozesua. Zubietako espazio publikoan jarriko den erakusketarekin emango zaio hasiera prozesuari. Pasa den ikasturtean EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek hainbat tokitan espazio publikoaren eta hiri ekipamenduen inguruan egindako lanak erakutsiko dira, tartean, Zubietan bertan egindakoa”.

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.